Quire

Jardun Koordinadora

From Quire, the open reference··4 min read
Jardun Koordinadora
Datuak
Izen laburraJardun
Motakoordinadora
HerrialdeaEuskal Herria
IdeologiaIndependentismoa
sozialismo iraultzailea
https://jardunkoordinadora.eus/

Jardun Koordinadora Euskal Herriko antolakunde independentista eta sozialista iraultzaileak koordinatzeko plataforma bat da. 2020ko abuztuaren 15ean jaio zen, eta egun bereko Albertia egunean aurkeztu zuten publikoki.[1] Hasiera batean Jarki eta Eusko Ekintza antolakundeek osatutako espazio bat izan zen;[1] baina gerora, 2021. urtean, bien arteko desadostasun ideologiko eta organizatiboak zirela eta Eusko Ekintzak plataforma utzi zuen,[2] eta, gaur egun, Jarki eta Aske antolakundeek osatzen dute Jardun.

Jardun Koordinadoraren helburu estrategikoa Euskal Herriko independentista eta sozialista iraultzaileak antolatzea da, euskal estatu sozialista independentea eraikitzeko bidean.

Jardunek esparru edo mugimendu politiko propio bat osatzen du, ez dago ez ezker abertzalea mugimendu politikoaren ez eta Mugimendu Sozialistaren baitan, beste korronte politiko propio bat ordezkatzen du.

Oinarri ideologikoak#edit

Jardunen kartela 2026ko Aberri Egunean.
Jardunen kartela 2026ko Aberri Egunean. Image: source and license

Jardun Koordinadoraren baitan kokatzen diren antolakunde, eragile eta dinamika guztiek honako oinarri ideologikoak partekatu behar dituzte:[3]

Independentzia eta nazio askapena#edit

Jardun Koordinadoraren iritziz espainiar zein frantziar estatuek eta Europar Batasunak Euskal Herriaren nazio izaera ukatu eta zapaltzen duten estatuak eta erakundeak dira. Jardunek honek ez du biderik ikusten Euskal Herriaren ahots propio eta burujaberako estatu eta erakunde horien baitan eta independentzia nazionala jotzen du nazio askapenerako herraminta eraginkorrentzat.

Sozialismoa eta klase gatazkaren gainditzea#edit

Jardunen aburuz, harreman ekonomiko kapitalistetan esplotazioa da legea. Lege horretan, burgesia eta estatu kapitalistak esplotatzaile eta langileak esplotatu gisa kokatzen ditu, eta esplotazio harremanarekin bukatzeko ezinbestekotzat jotzen du harreman hori elikatu eta sustengatzen duen kapitalismoa gainditzea. Sistema kapitalista gainditzeko, sozialismo iraultzailea planteatzen du erreformismoaren edo aldaketa hutsalen aurrean, eta tokian tokiko iraultzak ditu hori lortzeko modu eraginkorrentzat; alegia, nazioarte mailan aldeko haizeak egoteko itxaroteari utzi eta Euskal Herrian bertan planteatzen du prozesua, norbere herritik eta naziotik, tokian tokitik, munduari ekarpena egiteko. Euskal Herri Langilea (ENAM-ek teorizatu eta ekarritako kontzeptua) du euskal estatu sozialista eraikitzeko subjektu politiko.

Amnistia#edit

Jardun-ek amnistia kontzeptua oinarritzat du. Bere ustetan, prozesu askatzaile eta iraultzaile orok maila ezberdineko errepresioa dakar zapalkuntza eragiten dutenen partetik. Errepresioa eta jazarpena zapaltzaileraren erantzun eta egiturazko baldintza edo jardun gisa definitzen ditu, eta amnistia kontzeptua jazartuen askatasuna aldarrikatzetik harago doan printzipioa dela defendatzen du. Amnistia kontzeptu politiko bezala hartzen du, eta borroka askatzaileari eta iraultzaileari balore politikoa aitortzen diela uste du koordinadorak; beraz, amnistia oinarrizko printzipio eta balore politikotzat du, edozein borroka askatzaile eta iraultzailea garatu ahal izateko.

Internazionalismoa#edit

Munduko langileen eta herri zapalduen arteko elkartasuna ezinbestekotzat ikusten du proiektu iraultzaileak gauzatu ahal izateko. Borroka iraultzaile orotan elkar loturak beharrezkoak ikusten ditu Jardunek. Kapitalismoa eta honek langileengan zein herriengan sortzen dituen zapalkuntzak globalak diren heinean, kapitalismoa gaindituko duen sozialismoaren eraikuntza ere globala dela deritzo. Herri bakoitzak bere lurraldetik eta tokian tokitik borroka iraultzaileak abiatzearen aldekoak dira, norbere lurraldean horretarako baldintzak eraikiz.

Klase feminismoa#edit

Jardun Koordinadoraren ustez kapitalismoak bereganatu egin ditu aurretik existitzen ziren harreman patriarkalak eta sexu-generoen arteko dominazio harreman horiek baliatuta, kapitala emakumearen lan birproduktiboaren gaineko kontrola bermatzeaz arduratzen dela iritzi du. Jardunek ere uste du kapitalak lan-indarraren gurpila mantzentzeko lan birproduktiboa eta produktiboa uztartzea eta kontrolatzea lortu duela, eta, burgesiaren etekinak bikoizteko asmoaz, emakumeak langile berriak sortzera (ugaltzera) eta daudenak zaintzera kondenatzeaz gain lan produktiboan ere estutzen dituela deritzo.

Burgesiak hezkuntzan, familian eta hedabideetan ideologia dominatzailea inposatzeko eskura dituen herramintak erabiltzen dituela dio, emakumearen jazarpen egoera nahiz klase ezberdintasunak bermatu eta betikotzeko asmoz. Klase feminismoa defendatzen du emakume langilearen esplotazio egitura guztiak gainditzeko.

Ekologismoa eta produkzio moduak#edit

Jardunek sistema kapitalista eta inperialista jotzen ditu krisi ekologikoaren erantzule nagusi. Kapitalismoak etengabeko hazkundean eta ekonomien arteko lehian oinarritzen den gizartea antolatu duela dio, eta uste du espoliazio antolaketa horren baitan kokatu behar direla naturaren etengabeko esplotazio, lehengaien kontrolik gabeko agorpen, ingurumen hondamendia eta ekologiaren krisia ulertzeko kausak. Ekologismoaren aldeko borroka, beraz, kapitalismoak planteatzen duen produkzio sistematik at ulertu behar dela dio Jardunek, haren ustez, produkzio moduen eragina naturaren gaineko kaltearen erantzule zuzena baita. Horregatik, kapitalismoak maila ekologikoan planteatzen dituen kalteekin amaitzeko ezin dela konponbide partzialetara mugatu defendatzen du. Gizartearen sistema ekonomikoak antolatzen dituen formei alternatibak bilatzea beharrezkotzat jotzen du erakunde honek.

Ekologismoa klaseen arteko borrokaren baitan kokatzen du eta sistema kapitalista gainditzea ezinbesteko ikusten du naturarekin harreman orekatuan biziko den gizarte antolamendu berri bat marrazteko. Sozialismoaren eraikuntza bide-orri egokitzat hartzen du ekologikoki zein sozialki orekatua izango den esplotaziorik gabeko gizarte bat gauzatzeko.

Jardunen parte direnak#edit

Jardun Koordinadora Euskal Herri Langilea subjektu politikotzat dutenen eta Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa aldarrikatzen dituzten antolakundeen jarduerak koordinatzeko eta elkarlana sustatzeko jaio zen, antolakunde bakoitzak bere esparruan lan egiteko asmoz. Gaur egun, hauek dira Jardun osatzen duten antolakunde eta dinamikak:[4]

Antolakundeak#edit

  • Jarki: Euskal Herri Langilearen formakuntzan, antolakuntzan eta borroka kultural zein ideologikoan oinarritzen den antolakundea. Borroka ideologikoa, koadroen formakuntza eta ekintza politiko zuzenak egitea dira antolakunde honen egiteko nagusiak. Jardun-en baitako antolakunde nagusia da, eta hasieratik da koordinakundearen parte (sortzailetako bat izanik).
  • Aske: Errepresioaren aurkako eta amnistiaren aldeko dinamiketan oinarritzen den antolakundea. Formakuntza, ekintza eta ekimen ezberdinak burutzen ditu, eta errepresioaren aurkako tresna bezala kokatzen du bere burua.

Dinamikak#edit

Jarki eta Aske antolakundeekin batera, bada ikastetxeetan eta ikasle mugimenduan Jardun-en parte den ikasle dinamika bat, Astindu izena duena. 2024. urtean aurkeztu zuten dinamika hau, eta oraindik eraikuntza fasean dago.[5]

Beste talde edo mugimenduekiko harremanak#edit

Jardunek korronte politiko propio bat osatzen du, ez dago ez ezker abertzalearen ez MS-ren baitan. Desadostasun politiko eta estrategikoak ditu batarekin zein bestearekin. Zenbait kasutan desadostasunak handiak diren arren esparru batzuetan (plataforma politiko edo sozial, dinamika, mobilizazio edo solasaldi ezberdinetan) batarekin zein bestearekin aritu daiteke edo partekatu ditzake borrokak.

Erreferentziak#edit

  1. ^ a b «“Garrantzitsuena indarrak batzea da Euskal Herri langilearentzat alternatiba politikoa sortzeko”» Argia (kontsulta data: 2025-11-23).
  2. ^ Jardun Koordinadorari buruzko Eusko Ekintzaren komunikatua | Eusko Ekintza. (kontsulta data: 2025-11-23).
  3. ^ «Oinarri ideologikoak | Jardun Koordinadora» jardunkoordinadora.eus (kontsulta data: 2025-11-24).
  4. ^ «Jardun Koordinadora» jardunkoordinadora.eus (kontsulta data: 2025-11-24).
  5. ^ «JARDUN koordinadorarekin elkarrizketa burutu du LaHainek» jardunkoordinadora.eus (kontsulta data: 2025-11-24).

This article is mirrored from “Jardun Koordinadora” on Euskara Wikipedia, revision 11769684, written by Wikipedia's contributors and licensed CC BY-SA 4.0. Editing it here creates a Quire copy with its own history.

Synced with Wikipedia revision 11769684 · 2 hours ago